• Ekimenaren balio proposamenak neuroendekapenezko gaixotasunetara bideratuta patentatutako molekula familia bat du oinarri. Bereziki, Duchenne eta Beckerren sindromera bideratuta dago (fase aurreklinikoa hasiko da), baina aukera handiak eskaintzen ditu beste gaixotasun batzuetan ere. Adibidez, AEAren kasuan, lehen probak egin dira, eta oso emaitza itxaropentsuak eman dituzte. Proiektua UPV/EHUko Katalisi Jasangarriko Ikerketa Taldeak eta BioDonostia Institutuko Gaixotasun Neuromusmularren Taldeak sortutako I+Garen ondorioa da.
  • Saritutako ekimenak 7.000 euro eta enpresa proiektua garatzeko babesa eta aholkularitza jasoko ditu.

 

Jesus Mª Aizpuruak, Jose Ignacio Mirandak, Pablo Ferrónek, Adolfo Lopez de Muniainek, Ainara Vallejok eta Garazi Aldanondok aurkeztutako MIRAMOON PHARMA ekimenak (UPV/EHUko Katalisi Jasangarriko Ikerketa Taldeak eta BioDonostia Institutuko Gaixotasun Neuromuskularren Taldeak bultzatutako lankidetza ikerketa) ideia berritzaileetatik abiatutako oinarri teknologikoko enpresa ekimenik onenaren MANUEL LABORDE WERLINDEN SARI NAGUSIA jaso du hemezortzigarren edizioan. Saritutako ekimenak 7.000 euro eta enpresa proiektua garatzeko babesa eta aholkularitza jasoko ditu.

Enpresa berriaren balio proposamena gaixotasun muskularrak, neurologikoak eta zahartzea (ageing) tratatzeko farmako modulatzaile alosteriko berriak garatzean datza.

Lankidetza ikerketaren bidez lortutako emaitzetatik sortu da proiektua, eta diziplina anitzeko eta inplikazio handiko talde sustatzaile bat du atzean. Hori dela eta, EAEko eta Gipuzkoako lehentasunezko sektoreetako batean (sektore biosanitarioan) merkataritza aukera garbia eskaintzen duen proiektu bat da.

Bestalde, 3.000 euroko zuzkidura ekonomikoa duen 2. Saria WIMBITEK ekimenak jaso du. Ekimena Unai Burgosek, Carlos Gómezek, Borja Gamechok, Luis Gardeazabalek eta Alberto Lafuentek aurkeztu dute, eta UPV/EHUko Informatika Fakultateko ADIAN ikerketa taldean sortu da. Gauzen Internet eta Blockchain oinarri dituen aktiboen monitorizazio fidagarriko produktuak garatu dituzte.

Ekimena ikerketa talde baten know-how espezifiko batetik abiatu da. Taldeak merkatu premia espezifiko bat detektatu du, eta, enpresa batekin lankidetzan, balio erantsi handiko lehen produktu linea bat merkaturatzeko gai izan da. Proposamena hegaztiak monitorizatzeko produktuak garatu eta merkaturatzearekin hasi zen, eta taldeak bere enpresa proposamena finkatu du, eta aurrera egin du 4.0 Industria, Smart City eta Smart Energyko merkatuetara bideratutako garapen berrietan.

Gainera, proposamen berritzaileek eta/edo oinarri teknologikoa dutenek BIC GIPUZKOAk kudeatutako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Landa Ingurune eta Lurralde Orekako Departamentuak eta Eusko Jaurlaritzaren mendeko SPRIk egituratutako laguntzak jaso ahal izango dituzte. Laguntza horiek 60.000 eurora iritsi ahal izango dira, proiektuen berrikuntza eta interes mailaren arabera.

Manuel Laborde Werlinden Sariaren hemezortzigarren edizio hau UPV/EHUk (Gipuzkoako Campusa) eta Bic Gipuzkoa Enpresen eta Berrikuntzaren Europako Zentroak garatzen eta kudeatzen duten ENTREPRENARI programaren barruan sustatu da, eta ekintzaileak sustatu, aholkatu eta babestea eta UPV/EHUko Gipuzkoako Campusean enpresa berritzaileak sortzea du helburu.

Saria UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileei, UPV/EHUrekin lankidetzan egindako ikerketa baten emaitzak ustiatzea eta enpresa berri bat sortzea erabakitzen duten enpresei eta UPV/EHUko tituludunei, graduondoa dutenei edo azken ikasturteko ikasleei zuzenduta dago.

Sariak honako helburu nagusi hauek ditu:

  • Unibertsitate ingurunean ekintzailetzari lotutako ideiak eta proiektuak sustatzea.
  • Enpresa kultura babestea eta unibertsitateko kolektiboan zabaltzea.
  • Unibertsitateak enpresa berriak sortzeko eta garatzeko duen ahalmen berritzailea baliatzea.
  • Gure inguruan enplegua babesteko formula berriak bultzatzea.

Guztira, zazpi proiektu aurkeztu ziren ideia berritzaile batean oinarritutako enpresa ekimenik onenaren saria jasotzeko.

Sariak banatzeko ekitaldian, honako hauek izan dira: UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreorde Agustín Erkizia, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Landa Ingurune eta Lurralde Orekako diputatu Ainhoa Aizpuru, Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen zuzendari Aitor Urzelai, eta Bic Gipuzkoako zuzendari kudeatzaile Marisa Arriola. Ekitaldiaren barruan, VIVE bioTECH SLko presidente exekutibo Gurutz Linazasorok “VIVEbioTECH, una historia para contar” izenburuko hitzaldia eskaini du.

Close Menu