MANUEL LABORDE WERLINDEN-EN BIOGRAFIA

Tolosan jaio zen 1899ko abenduaren 29an eta Donostian hil, 1993ko maiatzaren 12an. Ikasketak bere herrian hasi zituen, Santanderreko Industria Eskolan jarraitu eta 1917an Bilboko Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoan sartu zen. 1923 urtean jaso zuen Industria Ingeniari titulua.

CAF enpresan hasi zen lanean, eta bertan zuzendari teknikoa izan zen laborategi, galdaketa, burdin-labe eta ijezketa sailetan. Ondoren, 1926an, Laborde familiak enpresa bat sortu zuen Andoainen. Manuel enpresako zuzendari-gerentea izan zen. Andoaingo Laborde Anaien enpresaren eraikina arkitektura arrazionalistako altxorra da, eta hala aitortu du Eusko Jaurlaritzaren Kultura Kontseilaritzak monumentu izendatzean, Donostiako Nautikoarekin batera. Ondoren, metal astuneko enpresa bateko Administrazio Kontseiluan parte hartu zuen, baita Billabonako makina-erremintako beste enpresa bateko Administrazio Kontseiluan ere.

1927tik aurrera, “Aralarren Lagunak” taldeko lehenengo kideetako bat izan zen. 1947an, ARANZADI Elkarte Zientifikoko sortzaileetako bat izan zen. Bertako lehenengo lehendakariarekin, Tomas Ataurirekin, oso harreman ona zuen, baita bertako lehen idazkariarekin, Jesús Elóseguirekin, ere; ikerlan askotan aritu ziren elkarlanean.

1952 urtean esku hartze erabakigarria egin zuen, ARANZADIko Jesús Elósegui eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Ziriquiain-Gaiztarrorekin batera, Jose Miguel Barandiarán penintsulako Euskal Herrira itzul zedin, Saran egon ondoren. Harreman estua zuen Barandiaranekin eta Manuel Lekuonarekin.

1963an Bilboko Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko teknologia nuklearreko saileko batzorde exekutiboko kide izendatu zuten. 1969tik aurrera, ikerketa geologikoen LUCAS MALLADA Institutuko Kontseilu Teknikoko kide izan zen. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide ere izan zen.

Artikulu ugari idatzi zituen geologiaren, meatzaritza, burdinola eta historiaurreari buruz ARANZADIren “MUNIBE” aldizkarian, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko “Buletinean” eta beste aldizkari batzuetan. Gipuzkoan bi trikuharri, hamalau estela eta MARIZULO historiaurreko haitzuloa aurkitu zituen. ARANZADIren indusketetako ikerketetan lan egin zuen Jesus Altuna, Tomas Atauri, Jose Miguel Barandiarán eta Jesús Elóseguirekin batera. Barandiarán eta Altunak 1960 eta 1975 bitartean egindako ikerketa askotan aktiboki parte hartu eta lagundu zuen. Urte latz horietan, laguntza morala eskaintzeaz gain, laguntza materiala ere eskaini zuen ikerketa batzuk aurrera eramateko.

Natura, nekazaritza, filatelia, ikonografia, pintura eta arte grafikoa maite zituen. Pío Caro Barojaren “Guipúzcoa” dokumental apartan berebiziko ekarpena egin zuen.

Eusko Ikaskuntzaren Zientzia Fisiko, Kimiko eta Matematiketako Saileko Presidente izan zen 1978tik 1980ra bitarte. 1984an, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak omenaldia eskaini zion Azkoitiako Insausti Jauregian. 1988an Eusko Ikaskuntzaren “Manuel Lekuona” saria eman zitzaion Aldundian.

Juan Antonio Garmendia Elóseguiren hitzetan, Manuel oso gizon ona zen, eskuzabala, adeitsua, zintzoa, lagunkoia eta jatorra. Goitik beherako gizona.