Prentsa oharra
Lurraldeko enpresa-ehunarekin ditugun harremanak areagotzea da elkarraldiaren helburua, Teknologiaren Transferentzia bultzatzeko Gipuzkoako Campuseko estrategien emaitzetan eragin handiagoa lortzeko.
Gaur goizean bildu da ENTREPRENARI programako Aholkularitza Kontseilua. UPV/EHUk (Gipuzkoako Campusa) eta Bic Gipuzkoak garatu eta kudeatzen duten proiektua da, helburu duena Gipuzkoako Campusean ekintzaileak sustatu, aholkatu eta babestea, baita enpresa berritzaileak eta/edo oinarri zientifiko-teknologikokoak sortzea ere. Campuseko errektoreorde Agustin Erkizia eta Gipuzkoako Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako foru diputatu Ainhoa Aizpuru izan dira bileran buru, eta bertan Gipuzkoako Campuseko Garapeneko eta Kanpo Harremanetarako zuzendari Fernando Tapiak ere parte hartu du.
UPV/EHUren Gipuzkoako Campusak konpromiso argi bati eusten dio, ahalmen handiko ekosistema berritzaile eta ekintzaile bilakatzeko helburuarekin. Horretarako, beste jardute-lerro batzuen artean, ENTREPRENARI programa garatzen dihardu, eta aurrerapauso bat gehiago eman du 15 urteko ibilbidea egin ondoren, oso balantze positiboarekin eta emaitza bikainekin. Elkarraldian garrantzizko hainbat gairi heldu diete bertaratuek, hain zuzen ere Programan aurreikusitako jardueren garapena eta aprobetxamendua areagotzen lagunduko duten sinergiak sortzeko helburua lortzearren, era horretan lortu ahal izango baita eragin handiagoa Teknologiaren Transferentzia bultzatzeko Gipuzkoako Campuseko estrategien emaitzetan. Helburu hori lortze aldera, lurraldeko enpresekin eta enpresa-taldeekin harremanak areagotzea eta sendotzea ondorioz ekarriko duten lan-dinamika berriak aztertu dira.
Bileran izan dira: Jokin Lopetegi, CAFeko Garapen Korporatiboko eta Negozio Berrietako zuzendaria; Juan Carlos Cantalapiedra, IRIZAR e-MOBILITYko zuzendari nagusia; Antxon López, DANOBAT GROUPeko Berrikuntzako zuzendaria; Eduardo Junkera, EGILE CORPORATION XXI, S.L.ko Administrazio Kontseiluko lehendakaria eta CEO; Xabier Berasategi, TTT GROUPeko zuzendari nagusia; Aitor Larruskain, IKOR TECHNOLOGY CENTREko gerentea; Marisa Arriola, BIC GIPUZKOAko zuzendari gerentea, eta Lorea Varona, BIC GIPUZKOAko koordinatzaile teknikoa.
ENTREPRENARI programa
Entreprenari programa 1997an jarri zen abian, baina 2001ean lortu zuen berezko entitatea unibertsitatearen eta Bic Gipuzkoaren arteko hitzarmena sinatzean. Harrez geroztik, 348 proiektu ebaluatu dira programaren barruan, haietatik 109 Ekintzaile/Txekintek programen esparruan babestuak, eta unibertsitateko kolektiboko 2.600 pertsona inguruk parte hartu dute ekintzailetzan prestatzeko ikastaro/lantegietan. Hiru dira programa honen jardute-lerro estrategikoak: a) kultura ekintzailea hedatzea eta ekintzaileei prestakuntza espezializatua eskaintzea; b) enpresa-proiektuak kudeatu eta garatzea, Ekintzaile/Txekintek programen babesean, eta c) ekimen enpresarial berriak atzeman eta baloratzea. Proiektu honek UPV/EHUren helburu argi bat gauzatzea ahalbidetu du: unibertsitatea eta enpresaren mundua uztartzea, sareko elkarlana nabarmenduz. Azken finean, unibertsitateko Programa honen babesean 57 enpresa sortu dira, kualifikazio maila handiko 645 enplegu baino gehiago sorrarazi dituztenak.