Hamaika proiektu hautagai aurten Toribio Echevarria Sarietarako

  • Edizio honetako sariak hurrengo uztailaren 22an emango dira
  • 6 finalista daude Ideiak/proiektuak kategorian, eta 5 Enpresa berria kategorian

Donostia, 2021eko uztailaren 16a.- 11 startup eta ekintzailetza-proiektu dira hautagai aurten Toribio Echevarria Sariak eskuratzeko. Aurten aurkeztutako 22 hautagaietatik, epaimahaiak hamaika aukeratu ditu finalista izateko. Irabazleek, sari bakoitzaren ekonomia-zuzkiduraz gain, finantzaketarako sarbidea, mentoring eta prestakuntza jasoko dute. Toribio Echevarria Sariak Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak sortu zituzten, bereziki berrikuntza teknologikoa ezaugarri duten ekimen ekintzaileak aitortu eta babesteko.

Finalean dauden hamaika proiektuen jarduera osasun, elikadura, jasangarritasun eta IKTen sektoreetan kokatzen da. Horiek guztiek soluzio berritzaileak ematen dituzte.

ENPRESA-IDEIAK/PROIEKTUAK” KATEGORIA

  • Vidtext: Bideoak berehala sortzeko balio duen plataforma da, gidoi bakar bat idatziz, grabatzeko beharrik gabe, eta edukia 40 hizkuntzatara baino gehiagotara helarazteko modua emanez.
  • Lignobasque: Soluzio analitiko lasterrak eta zehatzak garatu, ezarri eta merkaturatzen ditu, NIR teknologiak baliatuz.
  • Fokus: Kirol elektronikoetan espezializatutako talentuaren jarraipena egin eta kudeatzeko plataforma digitala.
  • Innovation Tree: Ion litioko bateriak birziklatzeko balio duen prototipoaren garapena, horretarako ingurumenaren begirunea duen teknologia hidromekaniko bat baliatuz, bateria berriak fabrikatzeko materialen zati bat berreskuratu eta karbono-aztarna albait txikiena egitearen bidez.
  • Cultzyme: Elikagaien hartziduren kudeaketarako, kontrolerako eta I+Grako ekipamendu adimentsuak.
  • Kumitron: Kirolean jarduteko gaitasun psikomotorrak ikastea errazten duen adimen artifizialean oinarritutako sistema. Haren lehen produktua karatera zuzentzen da.

“ENPRESA BERRIA” KATEGORIA

  • Polykey Polymers: Energia biltegiratzeko polimero biojasangarrien eta material berritzaileen produkzioa, horretarako jabetza-teknologia eta bezeroarentzako ‘ad hoc’ polimero jasangarrien ingeniaritza-zerbitzuetan oinarrituz.
  • Emissary Cosmetics: Enkapsulazio adimentsuko soluzioak osagai aktibo kosmetikoen fabrikatzaileentzat, norberaren edo animalien zainketarako enpresentzat eta farmakoen enpresentzat.
  • Lean Stocks: Industria-makineria eta lotura duten zerbitzuak salerosteko prozesuetan enpresak elkarrekin konektatzeko Marketplace B2B.
  • Normo Delivery Systems: Hardware- eta software-plataforma unibertsala azken miliako operadoreentzako soluzio berritzailea izateko.
  • Fesia Technology: Elektroestimulazio funtzionaleko soluzio aurreratuak garatzen ditu nerbio-sisteman gaitzak edo lesioak dituzten pertsonak birgaitzeko.

Sariak bi kategoriatan banatzen dira: “Enpresa-ideiak/proiektuak” eta “Enpresa berria”. Kategoria bakoitzak 10.500 euroko ekonomia-zuzkidura du, baita laguntza-, prestakuntza- eta aholkularitza-programetara sartzeko aukera ere. Gainera, garapen teknologikoan edo nazioartekotzeko prozesuan laguntza behar duten ekimenetarako beste sari batzuk daude.

Sari horiekin batera, Eibarko Udalak bi sari berezi esleituko ditu hiriko berrikuntzaren eta ekintzailetza berritzaile eta teknologikoaren aldeko bere apustua sendotzeko. Zehazki, “Eibarko enpresa” saria eta “Espezializazio estrategikoa” saria dira. Biak ere zuzentzen zaizkie merkatuari balio-proposamen bat gehituz inbertsiorako zein enplegua sortzeko ahalmena duten enpresei, betiere Eibarreko jatorria edo Eibarren kokatzeko konpromisoa dutenak. Bi sari horiek 10.500 euroko zuzkidura bana dute, baita BIC Gipuzkoaren bidez prestakuntza espezializatuko askotariko programetara sartzeko aukera ere.

Halaber, sari horien testuinguruan, Eibarko Udalak ‘Eibarko enpresaren Iñaki Goenaga aitorpena’ esleitzen du urtero; hartara, nabarmendu egiten du udalerrian kokatutako enpresen balioa, haien bilakaerari eta enplegua zein ekonomiaren garapena sortzeko duten konpromisoari erreparatuz.

Sarien banaketa-ekitaldia

Toribio Echevarria Sarien 31. edizioko banaketa-ekitaldia hurrengo uztailaren 22an, osteguna, egingo da goizeko 10etan Eibarko Coliseo Antzokian, eta bertan izango dira Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua eta Jon Iraola Eibarko alkatea.

Covidaren kontra ezarritako mugak direla eta, ekitaldira pertsona gutxi bertaratuko dira, baina streaming bidez zabalduko da.

Toribio Echevarria Sariak Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak bultzatzen duten ekimena dira, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sutapena, Turismoa eta Landa Inguruneko Departamentuak parte hartzen dute. Gipuzkoako Ganbera, Elkargi, APD, El Diario Vasco, SPRI eta Adegi, Cebek eta SEA enpresaburu-elkarteen lankidetza du ere.

Compártelo en Redes Sociales